Osteguna, 2017.eko Uztailak 20
Datorren igandean, uztailak 23, Getaria-Zarautz Itsas-zeharkaldiaren 47. Edizioa ospatuko da. Zarautz Balea Igeriketa Kirol Elkarteak antolatua, eta Zarauzko Udala eta Michael Phelps marka komertzialak babestuta, kirol probak izen emate errekorra hautsi du 2.500 parte-hartzailerekin. Berrikuntza bezala, eta probaren historian estreinakoz, itsas-zeharkaldiak izen emate kopurua zabaldu du izaera herrikoia mantenduz: “Urteak pasa ahala parte-hartzaile kopurua areagotzen doa eta, sarritan, jendea kanpoan geratzen da plazak mugatuak direlako. Aurten aurre-izen emate epe bat zabaltzeko erabakia hartu da eta 2.800 pertsonek eman dute izena aurrez. Datuak aztertu ostean, antolakuntzak aurrez izen emandako guztiei plaza ematea erabaki du, beti ere izaera herrikoia mantentzeko helburuarekin. Azkenean, 2.500 pertsonek eman dute izena aurtengo edizioan”, jakinarazi du Iban San Martin (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak, itsas-zeharkaldiko aurkezpenean. Zarautz Balea Igeriketako Presidente Iñigo Ugartek adierazi duenez, “itsas-zeharkaldiaren helburua igeriketa Gipuzkoa mailan sustatzea da eta, inskripzioa jende gehiagori zabaldu arren, izaera herrikoia mantentzea ezinbesteko ikusten dugu”.
Hala, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia estatu mailako parte-hartzaile gehien dituen zeharkaldia bilakatu da, eta laugarrena Europan. “Parte-hartzaile gehienak Euskadikoak dira: %62a gipuzkoarrak (hauetatik 226 zarauztarrak), %11a bizkaitarrak eta %5a gasteiztarrak. Honez gain, Madrildik (50), Burgosetik (29), Errioxatik (28) edo Bartzelonatik (25) datozen igerilariak ditugu, baita atzerritik ere: Frantziatik (25), Londresetik, Irlandatik, Poloniatik, Italiatik eta AEBetatik. Datu hauek prestigio handiagoa ematen diote probari eta Europa mailan ezagutzera ematen gaituzte”, adierazi du Zarautz Balea Igeriketako Presidente Iñigo Ugartek.
704 emakumek hartuko dute parte edizio honetan
Azken hamar urteetan emakumezkoen parte hartzeak nabarmenki egin du gora: “2005 urtean 580 igerilarietatik 80 besterik ez ziren emakumezkoan. Hamar urte geroago, 2015ean, 444 emakume atera ziren Getariako portutik. 2016ean 505 izan ziren eta aurten 704 emakume izango dira Getaria eta Zarautz bitarteko ibilbidea burutuko dutenak. Asko pozten nau parte-hartzaile kopurua gora doan heinean, emakumezkoen presentziak ere gora egiten duela ikusteak”, gaineratu du San Martinek.
Era berean, adin tarteei dagokionez, parte-hartzaile nagusienak gizonezkoen kategorian Jesus Chocarro (1946) eta Carlos Santana (1940) izango dira edizio honetan, 78 eta 77 urterekin hurrenez hurren. Emakumezkoen kategorian María Tomasena (1946) izango da nagusiena 71 urterekin. Igerilari gazteenek 14 urte izango dituzte.
Aldaketak irteera sisteman parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko
2.500 parte-hartzaileak Getariatik aterako dira igerian, 11:30ean, 2.850 metroko ibilbidea burutzeko Zarautzeraino. Ugartek jakinarazi duenez, aurten irteera sistema aldatu da parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko: “Aurreko urtean parte-hartzaileak bost taldetan atera ziren eta talde bakoitzaren artean bost minutuko tartea utzi genuen. Aurten igerilariak sei talde ezberdinetan aterako dira, 10 minutuko ezberdintasunarekin euren artean. Hala, itsasoan aldi berean 2.000 parte-hartzaile egongo dira asko jota. Aurreko urteetan izan ditugun baliabideekin kontrolpean izango dugu igerilari kopuru hau eta aurten ere, kopurua mantenduko dugu”. Presidenteak gaineratu du Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldiak duen segurtasun plana Espainiako “potenteena” dela: “Gurutz Gorriko uretako motorrak ditugu, hainbat piraguista, eta Ertzaintza zein instituzio batzuen baliabideak. Segurtasun sistema honek funtzionatzen du eta, datozen edizioei begira, sistema bera mantenduko dugu parte-hartzaile kopurua igo arren”. Zentzu honetan, Ugartek boluntarioen garrantzia eta egiten duten lan bikaina azpimarratu du: “100 pertsona baino gehiago egongo dira lanean igandean boluntario bezala, eta hainbat egiteko izango dituzte: kontsignak zaintzetik, irteera eta helmugan txip eta dortsalak jartzen laguntzera arte. Hauek gabe, itsas-zeharkaldia ez litzateke posible izango”.
Irteera ordenari dagokionez, lehen taldean 45 minutu azpiko denbora frogatua duten 322 parte-hartzaile aterako dira, kolore beltzeko txapelarekin. Bigarren taldean, 45 minutu eta 52 minutuko tartean frogatutako denbora duten 512 igerilari aterako dira, berde koloreko txapelarekin. Hirugarren taldean aterako dira parte-hartzaile gehien, 631 guztira, zuri koloreko txapelarekin eta 52 minutu eta ordu bete bitarteko denbora frogatua dutenak izango dira. Laugarren taldean 423 igerilari izango dira, urdin koloreko txapelarekin eta ordubete eta ordu eta hamar minutu bitarteko denbora frogatua dutenak izango dira. Bostgarren taldea 305 parte hartzailek osatuko dute, txapel horia izango dute eta ordu eta hamar minutu eta ordu eta hogei minutu bitarteko denbora frogatua dutenak izango dira. Azkenik, seigarren taldean txapel arrosa duten 307 igerilari aterako dira eta hauen artean hasiberriak eta ordu eta hogei minutu eta ordu eta erdi denbora frogatua dutenak izango dira. Era berean, mugikortasun arazoak edo nolabaiteko ezgaitasun bat duten parte-hartzaileak frogatutako denboraren arabera dagokion aterako dira eta laranja koloreko txapela eramango dute.
Zarautz Balea Igeriketako presidenteak bi aldaketa garrantzitsu nabarmendu ditu aurtengo edizioan: “Kontsignak itsas-pasealekuan kokatuko dira aurten, Duke Enea plazaren azpian. Kontsignetara garaiz joatea eta lehen autobusak hartzea gomendatzen diet parte-hartzaile guztiei, Getariako portura garaiz iristeko”. Goizeko 9:00etatik 11:30ak arte bost autobus egongo dira Zarautz eta Getaria bitarteko ibilbidea egiten igerilariak irteerara eramateko. San Frantzisko kaleko autobus geltoki diskrezionalean hartu beharko da autobusa.
Michael Phelps marka komertziala, babesle nagusia
Aurtengo Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldiak babesle berria izango du: Michael Phelps marka komertziala. Bertako ordezkari den Nelson Floresek azaldu duenez, “markaren helburu nagusia arlo ezberdinetan igeriketa sustatzea da, ez komertzialean bakarrik, eta, era berean, probari nazioarteko presentzia ematea eta Espainiatik kanpo erreferentzia izatea”. Izan ere, Floresek azaldu duenez, Michael Phelps Fundazioak giza-oinarria du eta itsas-zeharkaldiaren helburuekin bat dator: “Fundazioak Indian 50 klub baino gehiago ditu eta bertan igeriketa herrikoia sustatzen ari gara, gaztetxoenetatik hasi eta profesionaletan lehiatu nahi duten helduetara”. Iñigo Ugartek markari eskerrak eman dizkio aurten izan duen inplikazioagatik eta era berean, Zarauzko Udalaren kolaborazioak duen garrantzia nabarmendu du: “Zarauzko Udalak kirol proba honekiko duen konpromezua eta egiten duen lana eskertu nahi dut. Udalak jartzen dituen baliabide eta zerbitzuak ezinbestekoak dira itsas-zeharkaldia aurrera ateratzeko”.
ONG bati donazioa
Aurten berrikuntza bezala, Zarautz Balea Igeriketako presidenteak jakinarazi du, urtero 1.500 euroko donazioa egingo diotela ONG bati: “Inskripzioak zabaltzean, bertatik lortzen dugun diruaren kopuru bat ONG bati emateko aukera dugula ikusi dugu. Urtero erakunde ezberdin bati egiteko asmoa dugu eta, aurten, ASPANOGI-ri emango diogu 1.500 euroko txekea”.
135 gazte Haurren Itsas-Zeharkaldian
14 urte azpiko gazteek ere kirol proba honetan parte hartzeko aukera izango dute. 82 neskek eta 53 mutilek hartuko dute parte, guztira 135. Munoatik aterako dira 10:00etan eta buiekin markatutako 800 metroko ibilbidea osatuko dute. Hauek ere Munoan izango dute helmuga.
Azkenik, Kirol zinegotziak zarauztar guztiak Munoara gerturatzera gonbidatu ditu, parte-hartzaileak animatu eta itsas-zeharkaldiaz gozatzera: “Oso proba polita da, bai ikusteko baita parte hartzeko ere. Igerilariek dena ematen dute eta asko eskertzen duten helmugan publikoaren, familiaren eta lagunen aldetik jasotzen duten harrera beroa. Ziur nago aurten ere festa handia izango dela”.
barcelona f.c.
madrid cff
racing club el ferrol
mirandes c.d.
zast 2009
aldapeta maria ikastetxea
barcelona f.c.
valencia c.f. s.a.d.
ostadar s.k.t -b-
saskiaxular
getafe c.f. s.a.d. 1
real sociedad de f. s.a.d. 1